"Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" liburua aurkeztu da
Perpetua Saraguetaren ondarea bere osotasunean plazaratzea. Horixe zen Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia liburuaren helburua, eta orain, liburua kalean dela, helburua errealitate bihurtu da. Gaur, Iruñean, Perpetua Saraguetaren idatzi guztiak jasotzen dituen argitalpen berria aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak. Mendaur bildumaren 9. zenbakia da.
Aurkezpena honako hauek egin dute: Andres Iñigo liburuaren paratzaile eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak, Xabier Azanza Euskarabidearen zuzendari kudeatzaileak eta Maite Urtasun Saragueta, Perpetuaren alabak. Azken horrek eskerrak eman dizkie bai Akademiari baita Gobernuari ere, eta batez ere Iñigori "gure amaren idatzien ikerketan hainbeste denbora, dedikazioa emateagatik eta, beti ere, eginiko lan bikain horretan erakutsi duen maitasunarengatik". Harekin batera, Errosa Miren, Lourdes eta Gema ahizpak izan dira aurkezpenean.
Bigarren kapituluan Perpetua Saraguetaren eskuidatzietan ageri den hiztegi hautatua eskaintzen da, "Erroibarko hiztegia osatzeko eta euskal hiztegiaren corpusa aberasteko lekukotza interesgarria izanen delakoan, bai eta onomastika corpusa ere, aipatzen dituen hainbat leku- eta etxe-izenengatik".
Bestalde, bi eranskin txertatu zaizkio liburuari: "bata, gerra aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igortzen zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika. Ikusten ahal den bezala, herrietako berriak prosan eta bertsoetan idazteko ohitura zuen. Bertzea, MP3 audio CDa. Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977 eta 1979 urteetan egin zizkion hiru grabazio luze dira. Eskuidatzietako "oroimenak" atalean ematen den informazio bertsua biltzen badute ere, osagarri egokia iruditu zaigu idatzitako ondarearekin batera, Satrustegiren familiak emandako aukerari esker, Perpetua Saraguetaren ahozko testimonioa ere eskaintzea".
Andres Iñigok bi epe bereiztu ditu Perpetua Saraguetaren idatzietan: "Lehenbizikoa, gerra aitzineko urteetan egin zuen kazetari lana. Iruñeko El Pensamiento Navarro eta La Voz de Navarra egunkarietara hasi zen igortzen sorterriko berriak, bai eta Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara ere Mezkirizko eta Arizkungo kronikak, "Txorrondo" izengoitiaz sinatuak ia beti, Mezkirizko bere sortetxea dagoen auzoaren izenaz, alegia. Gerra inguruko urteetan bizitutako estutasunek idazteari uko egitera behartu zuten".
Bigarren epekoak dira urteetan zehar, batez ere joan den mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, egin zituen idatziak. Iñigoren esanetan, gai anitz ukitzen dituzten idatziak dira, hala nola, sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijioaren ingurukoak, lan aferak, zailtasunak, nekeak, mixeriak, bizipenak, bizipozak, esperientzia pertsonalak, etab.
Horietako zati batzuk eta egin zitzaizkion elkarrizketa eta grabazioetatik ateratako zenbait informazio, Jose Mari Satrustegiren laguntzarekin, 1979 eta 1986 bitartean plazaratu baziren ere, Perpetuak idatzirik utzitako multzorik handiena argitaratu gabe zegoen.