Euskaltzaindia "Hamaika pauso" eleberriaren irakurketan
Bilbo Zaharra Forumak antolatutako Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso liburuaren irakurketa jarraitua egin zen ostegunean, ekainaren 16an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Hauxe da Klasikoen Irakurraldia egitasmoa egiten den laugarren urtea. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca eta iaz Jon Miranderen Haur besoetakoa.
Euskaltzaindiaren aldetik, kide batzuk izan ziren irakurketan. Goizeko 8:00etan, liburuaren lehenengo pasartea Ramon Saizarbitoriak berak irakurri zuen, eta ondoren Andres Urrutia, Xabier Kintana, Lourdes Oñederra, Pello Salaburu eta Ibon Sarasola euskaltzainek pasarte bana irakurri zuten. Egunean zehar, hainbat euskaltzain urgazlek hartu zuten parte irakurketan.