Bai German Barbier baita Andres Urrutia ere pozik agertu dira gaurko sinatze ekitaldian. Barbierek, bi erakundeon arteko elkarrizketarako bide iraunkor bat zabaltzea oso positibotzat jo du, eta elkarlanaren xede nagusia azpimarratu du, hots, zerbitzu hobea ematea kontsumitzaileen mesedetan, eta oro har, euskal gizartearen interes orokorren mesedetan, batez ere ikerketa arloan, eta normatibizazio bidean. "Gurea -esan du- kultura-ondarea da".
Normatibizazioaz ez ezik, normalizazioaz ere mintzatu da Andres Urrutia. Bere esanetan, hitzarmena "egundoko urratsa da euskararen normatibizaziorako, Euskal Herriko ondare guztia, jabetza eta merkataritza erregistroetako lur eta hiri-landa zein merkataritza eta denda izen guztiak Euskaltzaindiaren esku jartzen baitira, honek azter ditzan eta berari dagokion arloan, euskal toponimia eta onomastika arautu ditzan". Hori dela eta, Akademiaren Onomastika batzordea aipatu du beren-beregi: "Bistan da batzordearen idazkariak aspaldiko ametsa beteko duela gaur. Beste horrenbeste Akademiaren diruzainak -Onomastika batzordeko kidea dena- hitzarmen hau hasieratik bultzatu eta honen ibilbidea gertu-gertutik jarraitu duelako".
Bestalde, bi alderdiek elkarrekin lan egingo dute, hainbat biltzar, ikastaro, mintegi, elkarrizketa eta batzar garatzeko, nahiz elkarrekin lan egin, nahiz bakarka beste alderdiaren laguntza eta atxikimenduarekin, betiere ondasun higiezinen trafiko juridikoaren segurtasunari, eta Euskal Herriko Jabetza eta Merkataritza Erregistroetan euskaraz erabiltzen diren termino juridikoei lotutako gaietan.
Era berean, gaur sinatutakoaren arabera, bi alderdiek euren gain konpromisoa hartzen dute baterako lana egiteko, besteak beste, ikasketak, argitalpenak, dibulgazio- eta informazio-materialak, euskaraz nahiz gaztelaniaz gauzatzeko, baita alderdietako batek, bakarka, egindakoa ere hedatzeko.