2012an .eus domeinua eskatuko du PuntuEus elkarteak
PuntuEus elkarteak euskararen eta euskal kulturaren komunitatea ordezkatuko duen .eus interneteko domeinua eskatuko du 2012an. ICANNek, domeinuak kudeatzen dituen erakundeak, lehen mailako domeinu orokor berriak eskatzeko aukera onartu duela jakinarazi ostean, PuntuEus elkarteak bere poza agertu eta ohar baten bidez zabaldu du berria. "Orain -diote- hilabete erabakigarriak datozkigu: eskatzen dizkiguten baldintza guztiak bete eta proiektuari benetako bultzada ematekoa. PuntuEus elkarteak horretan jardun du eta .eus eskatu eta lortzera bideratuko ditu bere indar guztiak". Domeinu berriak eskatzeko epea datorren urteko urtarrilean zabalduko da.
PuntuEus elkarteak 2009ko urtarrilean aurkeztu zuen bere burua. Ordutik hona, "izaera, tamaina eta jatorri ezberdinetako 60 elkarte eta erakundek bat egin dute PuntuEus Elkartean eta 26.500 atxikimendu pertsonaletik gora jaso ditugu gure webgunean". Orain, bidearen azken txanpan daudela, 2013an .eus domeinua martxan egongo den konbentzimendu osoa dute elkartean. Euskaltzaindia sorreratik bertatik da PuntuEus-eko kide, eta Andoni Sagarna Iker sailburua elkarteko presidentea da.