Abadiñoko toponimia jasotzen duten mapa eta liburua argitaratu dira
Atzo, ekainaren 29an, Abadiñoko toponimia jasotzen duten liburua eta mapa aurkeztu zituen Udalak. Liburuan hainbat urteetako lana biltzen da eta auzolanean egin bada ere, lan gehiena Mila Salterain andreak eraman du eta mapa gauzatzeko Jose Igmacio Arrizabalaga Euskara teknikariaren laguntza izan du.
Liburuak biltzen dituen 800 izen bost multzotan banatu dira: leku-izenak, errekak, baserri eta etxeak, ondare artistikoa eta desagertutako izenak. Horien guztien idazkera, ahoskera eta koordenadak jaso dituzte. Bestalde, antzinako herriko ordenamenduari, gizarte antolaketari edota ekonomia jarduerei buruzko informazio historikoa ere bildu dute. Mapa eta liburua Abadiñoko Udalaren webgunean kontsulta daitezke.
Lan hauen aurkezpenean hauek izan ziren: Jose Luis Navarro alkatea, Argi Abad Euskara zinegotzia, Mila Salterain maparen eta liburuaren koordinatzailea, Jose Igmacio Arrizabalaga Euskara teknikaria, Iñaki Gaminde ikerlari ezaguna, lan honen koordinatzailea izan dena eta, Euskaltzaindiaren izenean, Jose Luis Lizundia eta Mikel Gorrotxategi -Onomastika batzordeko kide eta idazkaria, hurrenez hurren- izenen arautzeaz arduratu direnak.