"Erlea" aldizkariak Rikardo Arregi Merezimenduzko Aitormena jaso du
Bernardo Atxagak zuzendu eta Euskaltzaindiak argitaratzen duen Erlea aldizkariak XXIII. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien Merezimenduzko Aitormena jaso du. Uztailaren 2an, Andoainen, banatu ziren aurtengo sariak, "Xabier Lete gogoan" lelopean egin zen ekitaldi batean. Hau da Epaimahaiaren arrazoia, sari hau emateko: "Kazetaritzari hertsiki loturiko ekimena ez den arren, Epaimahaiak erabaki du literaturaren arloan inoiz izan dugun aldizkari aberats eta dotoreena izanik beharrezkoa dela Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak hori horrela nabarmendu eta aitortzea". Saria Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak eta Bernardo Atxagak jaso zuten, Blanca Urgell Kultura sailburuaren eta Ana Karrere Andoaingo alkatearen eskutik. Andoni Sagarna ere ekitaldian izan zen.
Hauek izan dira aurtengo Rikardo Arregi Sariak: sari nagusia, Goienak eskuratu du; kazetari berriaren saria Gaztezuloko Igone Fernandezek jaso du eta kazetaritza lanik onenaren saria Berriako Ainhoa Oiartzabalek. Edizio honetako ohorezko aipamena Miren Jone Azurza eta Ignazio Arregirentzat izan da. Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak urtero ematen dituzten sarien aurtengo epaimahaia hauek osatu dute: Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Odile Kruzeta, Joxe Rojas eta Arantza Urretabizkaiak. Mahaiburua Estanislao Amutxastegi Andoaingo alkate ohia izan da eta idazkaria Patxi Baztarrika.