"Euskera" agerkariari buruzko erakusketa Donostiako Liburu Azokan
Uztailaren 1etik 17ra bitartean, "Euskera agerkaria" Euskaltzaindiaren agerkariari buruzko erakusketa zabalik dago Donostiako Liburu Azokan, Gipuzkoa Plazan. Erakusketa Euskaltzaindiak antolatzen du, Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin, eta 92 urte bete dituen Euskera Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da komisarioa.
Erakusketa hobeto ulertu ahal izateko gida-liburu bat argitaratu da, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Azoka 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 21.00etara egongo da irekita astegunetan. Asteburu eta jaiegunetan, berriz, ordu erdi bat gehiago egongo da zabalik.
"Euskera agerkaria" erakusketa Bilboko Liburu Azokan jarri zen ikusgai lehenbiziko aldiz, eta Maulen ere erakutsi da, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosen sarrera-ekitaldian.