Artziniegako mapa toponimikoa kaleratu da
Artziniegako toponimiaren mapa kaleratu da eta uztailaren 5ean, bertako Museoan eginiko ekitaldi batean, ondoko hauek aurkeztu zuten: Agurtzane Llano Artziniegako alkateak, Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkariak -batzordea izenen arautzeaz arduratu da- eta ikerketaren egileak izan diren Felix Mugurutza batzordeko kideak eta Xabi Zalbidek.
Mapa egiteko Eusko Jaurlaritzaren toponimia erabili bazen ere, berau osatu eta zuzendu da. Horrez gain, argitaratu baino lehenago bi aldiz jarri da jende aurrean herritarrek parte hartzeko aukera izan zezaten. Mugurutzak azpimarratu zuen bezala, "herritarrek bi bider hartu dute parte, oniritziak, ekarpenak, iradokizunak eta abar egiteko. Horrek, gainera, zilegitasun edo sinesgarritasun bat ematen dio lanari". Maparen atzeko aldean, ortoargazkiaz gain udalak dituen herriei buruzko datu historiko batzuk jaso dira.
Ikerketa eta mapa egin ahal izateko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamenduaren laguntza ezinbestekoa izan da. Mapa Dunba Argitalpenak S.L. enpresak egin du.