Antonio Arrue eta bere garaiari buruz
Aipatuko dugun liburua ziur aski ez da izango hedapen handi-handia izango duen horietakoa, baina Euskal Herriko historiarekin interesatuta dagoen edonorentzat gutxienez ezagutu beharrekoa da eta, interes hori maila batetik gorakoa bada, irakurri beharrekoa dudarik gabe.
Historiako liburua da berez, baina saiakera gisa idatzia edo, agian zehazkiago, kazetaritzazko kronika baten moldean, aipu bibliografikoak minimora ekarriz. Eta alde batetik arin batean irakurtzeko modukoa bada ere, beste alde batetik astuna suertatzen da, Historiako liburuek fama duten bezala. Ondoko lerroetan saiatuko gara argitzen bi ildo horien nondik-norakoak.