Euskaltzaindiaren webgune berria aurkeztuko da bihar
Bihar, uztailaren 22an, Euskaltzaindiak bere webgune berria aurkeztuko du. Bihartik aurrera, itxuran ez ezik, egituran eta edukietan ere berrituko da www.euskaltzaindia.net webgunea. Hala, bada, webguneak beti eman duen informazioa emango du. Badira, bai, garrantzizko eduki berri bi: batetik, Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio berria, eta bestetik, Auspoa bildumaren artxiboa.
OEHri dagokionez, bigarren argitaraldi honetan, alde batetik, lehen bost liburukien berrikuspen sakona egin da; beste aldetik hiztegi osoan zuzenketa eta gehiketak egin dira. Auspoaren artxiboari dagokionez, aldiz, Auspoa bilduman 2006ra arte plazaratutako liburu guztiak eskaintzen dira, liburu bakoitzeko PDF artxibo bat sortu delarik. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimen eta laguntza izan ditu Euskaltzaindiak.