Akademiaren Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) batzordearen gidaritzapean burutu da lana. Batzorde hori 2007an eratu zen, eta hasieratik jarri zuen arreta berezia Akademiaren webgunean. Hala, bada, 2008an webgunea edukietan erabat berritu zen, eta Web 2.0 teknologiara egokitu. Orain, 2011n, prozesu horren urrats berria eman da.
Lazarragaren eskuizkribua, Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsio berrian
Euskaltzaindiaren webgune berrian agertzen den OEHren bertsioa ez da orain arte webgune zaharrean zegoena, paperezko bertsioaren sareratze hutsa zena.
Bertsio berriak bi aldaketa nagusi ditu. Lehen aldaketa lehen bost liburukien formatuari dagokio. Bigarren aldaketa, paperezko bertsioa kaleratu ondoren OEH aberasteko gehitu diren material berriei dagokie.
Jakina denez, OEHren lehen liburukiak ez daude geroago erabili den sistema berberean eginak. Arazo nagusia hau zen: lehengo liburukien sistema jarraituz OEHk 24 liburuki izango zituen, eta hainbat urtez atzeratuko zen lana amaitzea. Horiek horrela, Euskaltzaindiak ondoko erabakia hartu zuen: OEH 16 liburukitan eman behar zen. Erabaki horren ildotik 6. liburukitik aurrera hiztegi materialak emateko sistema aldatu zen.
Hortaz, bigarren bertsio honetan batasuna eman zaio OEHri, lehen bost liburukiak irizpide berrien haritik zuzenduz, osatuz eta trinkotuz. Horrez gainera, urtetan zehar bildutako ohar, era guztietako zuzenketa eta beharrezko gehikuntzak hiztegiratu dira 16 liburukietan. Orotarikoaren lehen bertsioan 12.5276 sarrera eta 41.839 azpi-sarrera zegoen; bigarren bertsioan 140.464 sarrera eta 52.243 azpi-sarrera.
Lehenengo bi liburukietan corpusean ez zeuden (edo osorik ez zeuden) Leizarragaren Testamentu Berria, bizkaierazko Egiaren kanta, eta Oihenarten Atsotitzak sartu dira; baita Martin Harrieten Gramatikako bi hiztegiak ere.
Laugarren liburukitik aurrera baizik agertzen ez ziren Etxeberri Ziburukoaren Manualaren bigarren liburua, Haranbururen Debozino Eskuarra, Harizmendiren Ama Birjinaren Ofizioa eta Tartas-en bi liburuak gehitu zaizkio corpusari. Koldo Mitxelenaren adibideak ere sistematikoki aipatzen dira.
Bigarren aldaketari dagokionez, OEHren bertsio honek azken urteotan agertu diren materialak bereganatu ditu. Horien artean garrantzizkoena, bistan da, Lazarragaren eskuizkribua da. Eskuizkribu honetako alde lexikografikoa osorik hiztegiratu da. Horretaz gain Duhaldek idatziriko Birginia testua, Euskaltzaindiak publikatu berri duena eta Larramendiren hiztegiaren eragina Iparraldean bere neurri betean erakusteko ezinbestekoa dena, osorik hustu da OEHra. Besterik ere sartu da, Hegoaldeko XVI. eta XVII. mendeetako testu guztiak hiztegiratzeko falta ziren dokumentuak, besteak beste.
Auspoa bilduma
Auspoa bilduma Antonio Zavala (1928-2009) euskaltzain osoak sortu eta gidatutako liburu-bilduma da. Hasieran, izen bera zuten argitaletxeak eta bildumak. Baina 1994tik 2003ra Sendoak hartu zuen Auspoa bildumako liburuak argitaratzeko ardura eta, azken data horretatik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak. Esan bezala, bilduma horren liburuak bere webgunean eskaini ahal izateko, Euskaltzaindiak erakunde horren baimen eta laguntza izan ditu.
Auspoa bilduman hiru sail bereiz daitezke. Lehena eta ugariena, Auspoa liburutegia deitua; arrunki Auspoa bildumarekin identifikatzen da eta 2006ra arte 302 zenbaki argitaratu zituen. Horretaz gain, bada beste bilduma laburrago bat: Auspoa liburutegi nagusia deitua, 12 zenbaki atera dituena. Eta, azkenik, hirugarren saila: izenik eta zenbakirik gabea, zortzi liburuz osatua. Antonio Zavalaren gidaritzak ematen die liburu guztiei batasuna.
Hasieran, Auspoan mota aski desberdinetako liburuak argitaratu ziren: bertsoak, antzerki herrikoiak, nobelak, itzulpenak, ipuinak... Baina, urteen poderioz, bertsoak eta bertsolariei buruzko liburuak nagusitu ziren; eta gero, azkenean, oroipen-liburuak eta biografiak, bertso-liburuekin batera.
www.euskaltzaindia.net webgunean eskaintzen den artxiboan, Auspoa bilduman 2006ra arte plazaratutako liburu guztiak daude, liburu bakoitzeko PDF artxibo bat sortu delarik.
Comments