Pello Apezetxea euskaltzain ohorezkoari omenaldia
Ttipi-ttapa aldizkari hamaboskariak bere azkeneko alean iragarri duenaren arabera, Etxalarko Altxata kultura elkarteak datorren igandean, uztailaren 31n, bere 20. urteurrena ospatuko du. Ospakizun egun horretan Pello Apezetxeari omenaldia eginen dio, meza nagusiaren ondotik izanen den ekitaldian.
Pello Apezetxea euskaltzain ohorezkoa da eta aspaldiko urteetan Etxalarko erretorea da. Euskararen babeste eta sustatze lanetan etengabeko parte-hartzea izan du herrian bertan eta Bortzirietako alfabetatze lanetan, Euskara Mankomunitatean, Ttipi-ttapa aldizkari eta telebistaren sorreran eta ondoko etengabeko jardueran, eta bertze hainbat zereginetan. Zenbait egunkari eta aldizkaritan argitara ematen dituen euskararen inguruko artikuluen idazle ezaguna da, bai eta Etxalarko historiaren eta onomastikaren inguruko ikertzailea ere.