Pello Apezetxeak 46 urte daramatza Etxalarren eta egin duen lana hagitz nabarmena izan da arlo anitzetan. Horregatik, anitz izan ziren omenaldi hunkigarri horrekin bat eginez parte hartu eta esker ona agertu ziotenak: baserritarren ordezkariek beren etzebizitzetarako bideak egiteko edota hobetzeko gestioetan emandako laguntza; txistulari eta dantzariek musika arloan emandako klaseak; Usoa nekazari kooperatibak elkarte horren sortzaile izana; eskola publikoko gurasoek euskara ofizial ez zen garaian ikastola sortzeko egindako ahalegina; gau eskolek alfabetatzeko programan urteetan emandako klaseak, bai AEKn, bai IKAn; Etxalarko euskara batzordeak eta Bortzirietako euskara mankomunitateak programa horiek abian jartzeko eta ondoko 22 urteetan egindako ahalegina; Ttipi-ttapa aldizkariak erredakzio taldekoa eta berriemaile izateaz gain, Fundazioko presidente ardura hartu izana. Horietaz gain, ehiztarien elkartekoak, Etxalarko kantariak eta udalaren izenean alkatea bera ere han izan ziren.
Kultura arloan, euskara babesten eta sustatzen izan duen etengabeko parte hartze eta laguntza eskertu zioten bereziki Pellori eta "beti ondoan eta ez gainean" egon izana baloratu.
Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak ere parte hartu zuen ekitaldian. Aurrekoek aipatutakoez gain, Pello Apezetxearen bertze hiru arlotako lanak ekarri zituen gogora:
- Euskaraz eta euskararen defentsan hainbat egunkaritan (Euskaldunon Egunkaria, Egin, Gara, Berria...) eta aldizkaritan (Ttipi-ttapa, Karmel, Argia, Herria 2000 Eliza, Euskaltzaindiaren Euskera aldizkaria...) idatzi dituen ehunka artikulu argi, zehatz eta zorrotz.
- Euskaraz argitara eman dituen ikerketa lan ederrak Etxalarko toponimiaz, oikonimiaz eta hainbat ezaugarri historikoez.
- Apez gisa egin duen lanean eta izan dituen arduretan beti euskararen zaindari agertu izana.