Lau hizlarien txostenen azalpenen ondoren, biltzarkideen galderen txanda izan zen, eta lantegi akademikoa guztiz interesagarria suertatu zen, ia hiru ordu iraun zuelarik.
Euskaltzaindiaren ordezkariak, 1975. urtean landutako "Estatu Izenak" gomendio-zerrendak gogora ekarri ostean, Akademiak urte hauetan guztietan exonimiaz egin duen lana azaldu zuen. Bereziki, 1995an, 32. araua, hots, "Espainiako Erresumako probintzia eta erkideko autonomoen izenak" erabaki zuenetik gaur arte. Une honetan, Ekialde Hurbilako eta Ipar Afrikako izenen araugaia prestatzen dihardu Euskaltzaindiak.
EITBk eta Euskaltzaindiak 2003an sinatutako akordioaren ondorioz, exonimiaz emandako aholkularitza oparoa nabarmendu zuten Lizundia eta Larrinaga jaunek. Telebistaren Euskara arduradun honek, jarraian, gure komunikabide publikoaren kazetari eta profesional ororentzat, munduan zehar, Euskal Herritik kanpoko exonimo edo leku-izenez emandako aholkularitza-kasuistika zehatza eman zuen. Elkarrizketa unean, nazio desberdinetako biltzarkide zenbaitek euskal exonimiaz eta erakunde bion lanez interesa erakutsi zuten.