Mugarik Gabeko Telebista ekimena aintzat hartu du Madrilgo Kongresuak
"Mugarik Gabeko Telebista" herri ekimena aintzat hartu du Madrilgo Kongresuak, eta tramiterako onartu. Datorren legegintzaldian eztabaidatuko da, eta ekimena lege bihurtzen den bozkatuko. Beraz, Madrilgo Kongresuan atzo hartutako erabakiaren ondorioz, aurrera doa hizkuntza bera duten erkidegoetan irrati-telebista emisioak jaso ahal izateko eskubidea legez bermatu nahi duen herri ekimena. Euskal Herriaren kasuan, Nafarroan Euskal Telebista ikustea da helburua. Gaur egun ETB1 eta ETB2 analogikoan bakarrik ikus daitezke, eta ETB3 eta ETB Sat ezin dira ikusi.
"Mugarik gabeko telebista" kanpaina Herrialde Valentziarrean sortu zen, eta Euskal Herrira 2010eko urtarrilean zabaldu zen. Euskaltzaindiak hasieratik bertatik parte hartu zuen kanpaina horretan. 2010eko uztailean, Espainiako Hauteskunde Erroldaren bulegoan, 651.650 sinadura entregatu ziren, horietatik 559.759 ontzat eman zirelarik. Hortaz, herri ekimenari esker, lortu behar zen sinadura kopurua (miloi erdi sinadura behar ziren) erraz gainditu zen. Euskal Herrian, eta batez ere Nafarroan, kanpainak arrakasta handia izan zuen, eta Euskaltzaindian 12.420 sinadura bildu ziren.