Bilbo Zaharra Forum, euskal literatura eta kulturaren inguruko gaiak jorratzeko topagunea da, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutakoa; Arantza Camareroren esanetan, "euskal kulturaren alorrean gertatzen den ororen eztabaidagune izan nahi duen elkarte edo biltokia". Azken urteetan euskal kulturari buruzko hainbat saio, lan-talde, mahai-inguru edota mintegi eratu eta abiarazi ditu euskaltegiak, betiere euskal kulturaren arazoak hizpide. Esan bezala, Bilbo Zaharra Forumek antolatutako ekitaldiek Akademia izan dute laguntzaile hasieratik, eta, besteak beste, hitzaldi guztiak Euskaltzaindiaren egoitzako areto nagusian izan dira.
Bilbo Zaharra Forumaren garrantzia, hain zuzen ere, azpimarratu nahi izan du Arantza Camarerok, eta Euskaltzaindiari bere esker ona erakutsi: "Ibilbidea ez da erraza, noski, baina ez gaude bakarrik. Pertsona eta instituzio askok laguntzen digute. Gaur, inori ezer kendu gabe, instituzio baten laguntza aitortu, azpimarratu eta goraipatu nahi genuke, Euskaltzaindiarena, hain zuzen ere. Euskaltzaindiak urteak daramatza Bilbo Zaharra Forumaren ekitaldiak babesten. Babes horren garrantzia berebizikoa da; hura gabe ezingo genuke gure helburu estrategikorik bete."
Bestalde, hauek dira gaur sinatu den hitzarmenaren ildo nagusiak:
-
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, toponimiari eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartuko ditu eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu. Prestakuntza arlo horretan Euskaltzaindiak parte hartuko du, egitasmo bakoitzean adosten den eran.
-
Bilbo Zaharra euskaltegiak Euskaltzaindiari egindako kontsultei -gramatika, lexiko, ortografia, toponimia eta euskalkien erabileraren ingurukoak- erantzungo dizkio Akademiak.
- Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatzeko konpromisoa hartzen dute. Era berean, bi erakundeen artean argitalpen-egitasmoak partekatzeko bideak jorratuko dira.
- Erakunde biok egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera elkarri eskainiko diote.
Helburu hauek lortzeko, euskaltegiak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzorde bat sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituelarik. Hitzarmenak bi urteko iraupena izango du.