Nafarroa Oinez 2011 dela eta, Euskaltzaindia Tafallan
Urtero bezala, aurten ere Nafarroa Oinez festarekin bat egingo du Euskaltzaindiak eta datorren ostiralean, irailaren 30ean, Tafallan, hainbat ekitaldi egingo ditu.
Batetik, goizean, Euskaltzaindiaren osoko batzarra egingo da, Tafallako Udaletxean. Bestetik, 12:00etan, Garcés de los Fayos ikastolan, El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha liburua eta Euskaltzaindia eta Nafarroa argitalpena aurkeztuko dituzte Andres Urrutiak, Koldo Tellituk eta Andres Iñigok. Ondoren, euskaltzainek ikastola bisitatuko dute. 13:15ean, Francisco de Eraso eta David Jaime Dean Tafallako euskaltzaleen oroitzapenezko plakak inauguratuko dira. Arratsaldean, 16:00etan, Akademiaren Sustapen batzordeak lan bilera egingo du, Kultura Etxean. Eta azkenik, arratsaldeko 17:30ean, Kultura Etxean ere, ageriko ekitaldia egingo du Euskaltzaindiak, ikastolarekin batera.
Hauxe izango da ageriko ekitaldiaren egitaraua:
- Agurra: Rexu Urrutia, Garcés de los Fayos ikastolako zuzendaria.
- Angel Iriso "Zaki" irakaslearen hitzaldia: "Garcés de los Fayos ikastolaren historia".
- Jose Mari Espartza idazlearen hitzaldia: "Euskara Tafallaldean".
- Kanta. Aitorren hizkuntz zaharra, ikastolako ikasleak.
- El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha liburuaren aurkezpena. Aurkezlea: Iñaki Etxezarreta, Ikaselkar-eko zuzendaria
- Euskaltzaindia eta Nafarroa argitalpenaren aurkezpena. Aurkezlea: Andres Iñigo, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria.
- Kanta. Hamaika 11n, Ikastolako ikasleak.
- Azken hitzak: Andres Urrutia, euskaltzainburua