Rexu Urrutiak azaldu zuenez, Erasoren eta Deanen omenezko plakak jartzea Altaffayla kultur taldearen proposamena izan zen. "Guk -adierazi zuen- proposamena gustura onartu genuen eta gaur, Kultur Patronatuarekin batera, beraien oroimenez jarritako plaka hauek inauguratuko ditugu. David Jaime Dean etxe honetan bizi izan zen. Ez ordea Francisco de Eraso, hau La Belenako de Hornos kaleko etxe batean bizi izan zen. Gaur antolakuntza dela eta, bi plakak hemen jarriko ditugu. Ondoren, Francisco de Erasorena bere sorterriko etxera eramango dugu".
Ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak plaken testuak irakurri zituen. Erasoren omenezko plakak honela dio: “1651. urtean jaio zen, Arbizutarren jauregi honetan. Kordobako Apezpikutegiko bisitaria izan zen eta bertako katedraleko kalonjea. Hiri hartan hil zen. Letra gizona, Sevillan “Discursos históricos sobre la población” argitaratu zuen. Liburu horretan, hain zuzen ere, baieztatu zuen Tubalek Tafallako udalerriari hasiera eman ziola. Hura hiriko lehenengo historia bilakatu zen. Eraso euskararen defendatzailea izan zen, hots, Tubalek ekarri omen zuen hizkuntzarena, eta euskara “Hizkuntza bikaina eta besteak bezala idatz daitekeena, eta beste asko baino leunagoa eta ahoskatzen errazagoa” zela adierazi zuen. 2011. urtean, Nafarroa Oinez zela eta, Kultura Patronatuak eta Euskaltzaindiak haren omenez plaka hau jarri zuten”.
Eta Deanen omenezkoan hau irakur daiteke: “Tafallarra, (1887-1949). Tafallako Ardogintza Kooperatibako administraria izan zen, “Euskararen Adiskideak” elkarteko kidea, zinegotzi errepublikarra, Foru Aldundiko Kudeaketa Batzordeko diputatua, Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorreko Nafarroako ordezkaria eta erbestean Nafarroako Kontseiluko lehendakaria. Euskaraz mintzatu eta idatzi ere egiten zuen. 1931ko maiatzaren 31ko Aldundiko bilkuran, Nafarroan euskararen ofizialtasuna onar zedin proposatu zuen. Eta hain akordio garrantzitsu hori orduantxe hartu zen lehen aldiz. 2011. urtean, Nafarroa Oinez zela eta, Kultura Patronatuak eta Euskaltzaindiak omenaldi-plaka hau jarri zuten”. Arratsaldean, Akademiaren Sustapen batzordeak lan bilera egingo du, Kultura Etxean. Eta azkenik, Kultura Etxean ere, ageriko ekitaldia egin du Euskaltzaindiak, Garcés de los Fayos ikastolarekin batera.
Argitalpenak
El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha
Goizean, prentsaurrekoan, Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolak europar kooperatibaren presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak aurkeztu zuten El movimiento de las ikastolas. Un pueblo en marcha. Eta arratsaldean, ageriko bilkuran, Iñaki Etxezarreta Ikaselkar-eko zuzendariak egin zuen.
Liburua Euskaltzaindiaren Jagon bildumaren 13. zenbakia da, Euskaltzaindiaren eta Ikastolen Elkartearen arteko lankidetzaren emaitza da eta BBKren laguntzarekin argitaratu da. Lanak Ikastolen historia soziala kontatu nahi du. 2010ean euskaraz argitaratu zen, Ikastola mugimendua. Dabilen herria izenburuarekin eta orain kaleratzen da gaztelaniaz. Liburuan ikastolen izaera kolektiboa kontatu nahi da, ikastolen eta gizartearen arteko elkarrekintzarekin batera. Hortaz, lan honek ikastolen historia sozialarekin zerikusia duten datuak, gertaerak, lekukotzak eta aburu kontrajarriak biltzen ditu, bestak beste.
Ikastola mugimenduaren barruko eta kanpoko ibilbidearen berri ematen duen txosten zabala eta zehatza da liburua, eta euskal herritarren ibilbidearekin batera egindako jarduna agertzen ahalegindu da.
Baina bada besterik ere. Besteak beste, lanak, Ikastolen Elkarteak azken hamarkada honetan bere idazkietan argudiatu duen tesia jasotzen du, hots, ikastolak eredu direla dioen tesia, euskal hezkuntzaren eskola-ekintza eta gizarte-ekintza garatzen dituen eredu propioa eraiki dutela, hain zuzen ere., estatuaren jabetzako ikastetxe publiko eta titulartasun erlijiosoko ikastetxe pribatuaren betiko eskola-ereduetatik bereizia, hau da, Espainiako eta Frantziako hezkuntza-sistemen osagai nagusiak izan diren ereduak, alegia.
Euskaltzaindia eta Nafarroa
Euskaltzaindiak Nafarroan egin eta egiten dituen ekitaldien berri ematen duen liburuxka da. Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariaren esanetan, “azken urteotan Euskaltzaindia Nafarroan zertan ari den agerian jartzea da liburuxka honen xedea eta, aldi berean, lanean segitzeko duen asmoa jakinaraztea, betiere eta ahal den neurrian, euskararen normalizaziorako urrats sendoagoak eta nabariagoak egiteko asmoarekin”.
Hainbat atal ditu: harreman instituzionalak, Euskaltzaindiaren biltzarrak, bilerak eta ekitaldiak Nafarroan, edota argitalpenak. Nafarroako euskaltzain oso, ohorezko eta urgazleen zerrenda ere ageri da liburuxka honetan. Bigarren argitaraldia da.
Hona ekartzen ditugu Andres Iñigoren hitzak.
Andres Iñigoren hitzak 40,12 Kb
Ageriko ekitaldia
Arratsaldean, ageriko bilkura egin zen Tafallako Kultura Etxean, eta lehenenego hitzak Rexu Urrutia ikastolako zuzendariak esan zituen.
Rexu Urrutiaren hitzak 15,53 Kb
Zuzendariaren agurra entzun ostean, Angel Iriso "Zaki" irakasleak “Garcés de los Fayos ikastolaren historia” izeneko hitzaldia eman zuen.
Hitzaldi horren bitartez, ikastola sortu zenetik gaur egun arte emandako urratsak, bizi izandako uneak, gatazkak, erronkak, lorpenak... horiek guztiak aipatu zituen Irisok. Besteak beste, Jorge Cortes Izal izan zena gogoan izan zuen -“haren laguntza paregabea izan zuten garai haietan ikastola sortzeko, Nafarroako beste ikastolek bezala”- baita hasierako ume, irakasleak, gurasoak, era guztietako bultzatzaileak ere. Gurasoei buruz, hauxe esan zuen: “Haiek probatu dute posible zela eta dela eskola bat zuzenean kudeatzea eta, horrexegatik, bete-betean inplikatzea”, eta irakasleei dagokienez, besteak beste, beti erakutsi duten lan egiteko grina azpimarratu zuen: “Guk beti argi izan dugu nor garen eta non gauden: gure norabidea gauzak ongi egitea izan da eta erakustea ikastola anitza dela”.
Ikastolaren eredu pedagogikoa goraipatu zuen eta honela laburbildu: “Ikastolak ezberdinak dira, berrikuntza asko ekarri dituzte eta beren ikasmoldea eredu bihurtu da askorentzat. Eleaniztasuna, ikasleekiko hurbiltasuna, elkarlana gurasoekin, laizismoa (ikastola anitzetan, behintzat), oztopoak gainditzeko kemena, altruismoa, irakasleen motibazioa, proiektu berrietan parte hartzeko beldur eza, hobetzen jarraitzeko gogoa… present egon dira eta daude gure eguneroko jardunean”. Eta gaur egungo egoeraz mintzatu zenean harro agertu zen entzuleen aurrean: “Denok oso harro sentitu behar dugu lortu dugunarengatik: ikastolako guraso, irakasle, guraso ohi, ikasle ohi eta historian zehar lagundu gaituzten hamaika lagun. Ikastola da, ezbairik gabe, gure inguruan sortu den euskal lorerik xarmangarriena”.
Hona hemen Irisoren hitzaldia.
Angel Iriso "Zaki": "Garcés de los Fayos ikastolaren historia" 145,75 Kb
Horren ostean, Jose Mari Espartza “Euskara Tafallaldean” gaiaz mintzatu zen. Hasteko, Jose Mari Jimeno Jurio ekarri zuen gogora -"gure hizkuntzaren hitsoria osatzeko lan handia egin zuen"- eta jarraian azken urteotan historialariek bildutako datu berriak baliatu zituen, XVI. menderako Tafallan euskara galdua zegoen usteari aurre eginez. “Bertako ikertzaileek egindako azken aurkikuntzek adierazten digutenez, XVII. mendean, Tafallako herritar askok euskara zuten eguneroko hizkuntza”.
Tafallan ez ezik, Erriberriko eskualde osora zabaldu zituen datuak, antzeko ondorioak azaleratu zituelarik. Erriberrin bertan, Puiun, Artaxoan, XVI. eta XVIII. mendeen arteko herritar asko eta asko, euskaldunak zirela frogatzen duten dokumentuak ugariak dira.
Horiek horrela, Espartzak ondorio garbia atera zuen: “Orain gutxira arte ezezaguna genuen dokumentazioari esker, badakigu Merindadea euskalduna zela orain ez asko. Euskararen mapa historikoa egiteke dago.”
Jose Mari Espartza: "Euskara Tafallaldean" 122,54 Kb
Amaitzeko, Andres Urrutia euskaltzainburuak azken hitzak esan zituen.