Joseba Sarrionandiari eman diote Euskadi Saria, "Moroak gara behelaino artean?" liburuagatik
Joseba Sarrionandia idazle eta euskaltzain urgazleak irabazi du Euskadi Literatura Saria, euskarazko saiakera alorrean, Moroak gara behelaino artean? liburuagatik. Epaimahaiak hauxe azpimarratu du: "Edukien aldetik, oso ondo egituratuta, ondo garatzen dira ideiak, formalki oso sendoa, lan handia, oso dokumentatuta. Originaltasuna, urteak pasako dira eta euskal kulturan klasiko bat bihurtu daitekeen lana. Ate asko zabaltzen dituen lana, kontsultarako ere baliagarria. Diskurtso ugaritasuna, eta era berean azpimarratzekoa ere bada pentsaera nagusitik kanpoko ikuspegi ezberdinak eskaintzeko ahalegina. Kultura aniztasunaren aldeko aldarria. Azkenik, edizio lan handia dago atzean, titulu sugerentea, argazkiz eta azalpenez betetako lana".
Liburua Pamiela argitaletxeak eman zuen argitara.
Joseba Sarrionandiak hainbat sari irabazi ditu bere bizitzan zehar. Besteak beste, Espainiako Kritikaren Saria bi aldiz eman diote, 1986an, Atabala eta euria liburuagatik, eta 2001ean, Lagun izoztua lanagatik.