Ondarearen Europako jardunaldiak abian Euskaltzaindian
Gaur, urriaren 6an, 2011ko Ondarearen Europako Jardunaldien lehen saioa egin da Euskaltzaindiaren egoitzan. Izan ere, urrian zehar, "Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazioaren garaietan" izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen jardunaldi horietan, Bizkaiko hainbat herrik ez ezik, erakunde batzuek ere parte hartuko dute, eta gordetzen duten ondarea publikoari erakutsiko. Erakunde horietako bat, hain zuzen ere, Euskaltzaindia da, "Euskara, ondare immateriala" berariazko egitaraua prestatu duena.
Hala, bada, gaur, Akademian, bisita gidatua egin da, Josune Olabarria Azkue Bibliotekako langilearen eskutik. Gero, Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak jardunaldi hauetako lehen hitzaldia eman du, "Euskararen jatorria" izenburupean.
Bihar, urriaren 7an, "Euskarazko izenen oroimena berreskuratzen / Recuperando el recuerdo de los nombres vascos" hitzaldia emango du Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkariak. Gaztelaniaz izango da.
"Euskara, ondare immateriala". Euskaltzaindiaren egitaraua 172,74 Kb