"Aitzol eta bere lagunak. Euskal Pizkundea"ren urtearen barruan, hauxe da, beraien esanetan, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak eskain dezaketena: garai horretaz, orain arte gehiegi aztertu ez den alderdiari buruzko gogoeta.
Hala, bada, honela azaltzen dute antolatzaileek: "Tesiak egin dira Lizardiri edo Lauaxetari buruz; bertsolaritza, bertsolari-txapelketak ere aztertu dira. Baina hori, eta Euskaltzaleak taldekoek eginiko gainerako ahaleginak, ez dira oraindik aztertuak izan, Soziolinguistikaren ikuspegitik. Izan ere, azken 20 - 25 urteetan, kanpokoei begiratu diegu (Fishman-i, Mackey-ri...) gure Hizkuntza Politika abian jartzeko".
"Orduan ere -gaineratzen dute- kanpora begiratu zuen Aitzolek, Belgikara. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egin zenean, hiru ardatz estrategiko hartu ziren: transmisioa –besteak beste, hezkuntza mundua eta helduen euskalduntzea–, erabilera eta kalitatea (sorkuntza, kultura, prestigioa). Horiek aurki ditzakegu Euskal Pizkundearen garaian ere:
- Transmisioa: umeen hezkuntza elebiduna eta horrek eskatzen duen materiala sortzea (Martin Txilibitu, Xabiertxo...); eta helduei euskara irakastea (Gau Eskolak).
- Hizkuntzari prestigioa emateko ahalegina
- Kultura sorkuntza sustatzea: Olerti-egunak, bertsolari-txapelketak, Yakintza aldizkaria..."
Horren guztiaren inguruko gogoeta da jardunaldiak eskaini nahi duena.