Euskaltzaindia "Oinez Basoa" osatuz
Abian da Tafallako Oinez Basoa. Igandean, urriaren 9an, baso horren lehen zuhaitzak landatu zituzten Garces de los Fayos ikastolako ikasleek eta Andres Iñigo, Sagrario Aleman eta Xabier Kintana euskaltzainek, Akademiaren izenean. Hala, bada, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Tafallako ikastolak martxan jarritako egitasmoari ekin zioten, helburu bikoitzari begira: batetik, euskara bultzatzea, eta bestetik, Ingurumenaren aldeko konpromisoa hartzea. Euskararendako ekarpena Tafallako Garcés de los Fayos ikastolari lagunduz gauzatuko da, eta ingurumenarendakoa, berriz, “Oinez Basoa” sortuz. Igandean, xede horiek lortze aldera, Euskaltzaindiaren babesa izan zuten Tafallako euskaltzaleek.
Aurten, Tafallako Monte Plano mendian 8,3 hektareako lur-zatia landatuko da arteekin eta erkametzekin, guztira 6.700 zuhaitz izanen direlarik. Antolatzaileen esanetan, "ez dadila arte bat bera ere babestu gabe gelditu; hala, denon artean naturari berak aurrez emandakoa itzuliko diogu, denon artean euskarari historian dagokion tokia itzuliko diogun bezalaxe. Zuhaitzak eta euskal hizkuntza, etorkizunaz blaiturik".
Urriaren 16an izango da aurtengo Nafarroa Oinez, Tafallan.