Euskaltzaindia Madrilgo Liber Azokan izan da
Institut d´Estudis Catalans (IEC), eta Consello da Cultura Galega erakundeekin batera, Euskaltzaindia Madrilgo Liber Azokan izan da. Azoka urriaren 5etik 7ra egin da, bertan liburuarekin zerikusia duten profesional ugarik parte hartu dutelarik. Aipatu hiru erakundeak erakustoki berean izan dira, eta hortxe aurkeztu ditu Akademiak bere azken lan eta argitalpenak. Horretaz gain, helburua, Katalunian eta Galizian Akademiaren pareko lana egiten ari diren erakundeekin harremanak sakondu, eta egiten ari den lana erakustea izan da.
Nazioarteko liburu azoka honek garrantzi handia dauka, bai Espainiar Estatuan, bai eta Hego Aamerikan ere. Bertan, ekoizpena erakusteaz gain, profesionalek elkarren berri izateko eta akordioak bideratzeko topaleku ona dute. Aurten nobedade aipagarrienetako bat Corner Digital espazioa izan da. Bertan, hainbat enpresetako ordezkariak digitalizazioak argitalpen sektoreari dakarzkion aukera berriez mintzatu dira.
Euskaltzaindiaren ordezkariak hauek izan dira: Erramun Osa idazkariordea, Ricardo Badiola Argitalpen eragilea eta Jon Artza Argitalpen banaketa arduraduna. Azokan, Euskaltzaindiko saltokian izan diren bisitariei harrera egiteaz gain, argitalpen alorreko berrikuntzez informazioa biltzen izan dira. Horretarako hainbat saltoki bisitatu, eta zenbait hitzalditan ere izan dira entzule gisa.