Jarraian, aurtengoa Xalbador eta Xabier Leteren oroimenez antolatutako eguna baitzen, Xabier Leteri zegokion bideo bat eman zen herriko eskolako aretoan, eta Ez dok amairu taldearen sorreraz hitz egin zuen Joxemari Iriondok, entzuleen galdera guztiei erantzunez azkenean.
Eta bitartean, Herri kirolak eta festa giroa herriko plazan, eguraldia ere lagun zela; eta plazan dagoen Xalbadorren irudiari lore-eskaintzea Xabier Lete zenaren arreba Arantzak.
Osintxuko (Bergara) dantzariek saio atsegina eskaini zuten bazkal aurretik pilotalekuan; eta haren ostean, lagunarteko bazkaria, Erramun Martikorena eta Xendarineko ahizpak kantari zirela; eta ondoren, Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Amets Arzallus eta Juan Joxe Eizmendi Loidisaletxe II bertsolarien saioaz gozatu zuten entzuleek, gogoz txalotuz haien lana. Arratsaldeko 17:30ak aldera, trikitilariak hasi ziren, Urepeletik alde egin ezinik zegoen jendetzaren pozgarri.
Deiadarra taldeak, eta bereziki Bethart aita-alabek egiten duten lana eta ahalegina eskertu nahi izan zuen Urepeleko auzapezak, Euskal makila eta lore-sorta eder bat emanez. Aldi berean, Euskaltzaindia, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiek, Urepeleko herriak eta beste hainbatek ematen duten laguntasuna eskertu nahi izan zuen Deiadarra taldeak aurtengo jaiak amaitu baino lehen.
Lan handia ematen du urtero antolatzen den Urepeleko Xalbadorren egunak; baina euskararen eta bertsolaritzaren alde hainbat lan egin dutenak gogoratu eta euskaltzale guztiei Urepelen bildu eta egun eder bat eskaintzeko ahaleginean jarraituko du talde honek.