Euskararen herri hizkerak, gaurko gaia Ondarearen Europako Jardunaldietan
Gaur, urriaren 13an, egin da Euskaltzaindian Ondarearen Europako Jardunaldien hirugarren saioa. Gaurko hitzaldia Aritz Abaroa Ahozko tradizioa biltzeko egitasmoaren teknikariak eman du, "Euskararen herri hizkerak" gaiari buruz. Aurretik, Josune Olabarria Azkue Bibliotekako langilearen eskutik, Euskaltzaindiaren egoitza bisitatu dute bertaratu direnek.
"Euskara ondare immateriala" lerroburua da Akademia erabiltzen ari dena, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen jardunaldi horietan parte hartzeko.
Hurrengo saioa bihar, urriaren 14an, izango da. Bi hitzaldi izango dira: "Euskararen jatorria" (10:00etan) eta "Euskarazko izenen oroimena berreskuratzen" (12:00etan). Bestalde, 11:00etan, Euskaltzaindiaren Azkue Biblioteka bisitatzeko aukera egongo da.