Ondarearen Europako jardunaldiak Euskaltzaindian
Gaur, urriaren 14an, egin da 2011ko Ondarearen Europako Jardunaldien laugarren saioa Euskaltzaindiaren egoitzan. Ezaguna denez, "Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazioaren garaietan" izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatzen dituen jardunaldi horietan, Bizkaiko hainbat herri ez ezik, hainbat erakunde ere parte hartzen ari dira. Partaide horien artean Euskaltzaindia dago, eta urrian zehar "Euskara, ondare immateriala" egitaraua burutzen ari da.
Gaur, Akademian, hitzaldi bi izan dira: "Euskararen jatorria", Xabier Kintana Euskaltzaindiaren idazkariak emanda, eta "Euskarazko izenen oroimena berreskuratzen, Mikel Gorrotxategi Onomastika batzordeko idazkariaren eskutik. Horrezaz gain, Azkue Biblioteka ikusi ahal izan dute bisitariek, Josune Olabarria langileak gidaturik.
Jardunaldi hauetako hurrengo saioa -azkena Euskaltzaindian- datorren astelehenean, urriaren 17an, izango da. Goizeko 10:00etan bisita gidatua izango da, eta 11:00etan "Euskararen corpusa eguneratzeko lana" hitzaldia emango da.