Jose Antonio Arana Martixaren senitartekoek jaso dute Manuel Lekuona saria
Urriaren 14an, Bizkaiko Foru Aldundian egindako ekitaldian, Jose Antonio Arana Martixa zenaren sendiak Manuel Lekuona saria jaso zuen. Iazko abenduan iragarri zuen Eusko Ikaskuntzak 2010eko Manuel Lekuona saria Jose Antonio Arana Martixarentzat izango zela, "mende erdi luzean zehar izandako euskal kulturarekiko konpromiso eta lanaren onarpen gisa".
Gernikako euskaltzaina apirilean hil zen, eta joan den ostiralean bere senitartekoek jaso zuten saria. Guztien izenean, Maiteder Bareño haren alargunak hartu zuen Remigio Mendiburu eskultorearen obra. Ekitaldi horretan, besteak beste, Juan Mari Aburto Lehendakaritzako foru diputatua eta Juan Maria Muñoa Eusko Ikaskuntzako presidentea egon ziren. Bestalde, Maiteder Arana saridunaren alabak eskerrak eman zituen.
Sariaz gain, Jose Antonio Arana Martixaren bio-bibliografia argitaratu du Eusko Ikaskuntzak, egileak Pruden Gartzia eta Josune Olabarria Euskaltzaindiko Azkue Bibliotekako langileak direlarik. Ekitaldian, Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta Bibliotekako zuzendariak hitz egin zuen Arana Martixaren lanaz eta bizitzaz.