Elgoibarren egiten ari den "Izanaren izena" hitzaldi zikloan parte hartzen ari da Euskaltzaindia
"Izanaren izena" izenburupean, Elgoibarko Izarra Kultur Elkarteak eta Elgoibarko Udalak prestatu duten hitzaldi zikloan parte hartzen ari da Euskaltzaindia. "Izena duenak izana duelako" azpititulua duen ziklo horretan hiru gai izango dira hizpide: Elgoibarko toki-izenak, ahozko euskera, eta euskal izen-abizenen historia. Lehen saioa urriaren 5ean egin zen, eta hauek hitz egin zuten: Amaia Pinacho eta Nerea Alaba Elgoibarko Toponimia lanaren egileek, eta Mikel Gorrotxategi Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeko idazkari eta lan horren tutorea izan denak.
Elgoibarko Udalak Gotzon Garate izeneko I bekaren deialdia egin zuen 2009an, eta aldi berean lankidetza hitzarmena sinatu zuen Euskaltzaindiarekin, Akademiaren laguntza jaso ahal izateko. Beka Nerea Alabari eta Amaia Pinachori esleitu zitzaien, eta lanari ekin zioten, Mikel Gorrotxategiren zuzendaritzapean. Orotara, 3.000 toki-izen jaso, bildu eta arautu dituzte. HItzaldian esan zuten moduan, Elgoibarko toponimia-mapa abendurako prest izango da.
Hurrengo hitzaldia bihar, urriaren 19an, izango da. Jesus Mari Makazaga euskaltzain urgazle eta EHUko Euskara Zerbitzuko burua Elgoibarko ahozko euskaraz mintzatuko da. Izan ere, izen bereko liburua publikatu zuen Makazagak, EHUk eta Euskaltzaindiak argitaratua, eta apirilean aurkeztu zuen Akademiaren egoitzan.
Azkenik, urriaren 26an, "Amaia, debekatuta zaude! euskal izen-abizenen historia" izeneko hitzaldia emango du Mikel Gorrotxategik. Hitzaldi guztiak Elgoibarko Kultura Etxean izango dira, iluntzeko 19:00etan.