Ondarearen Europako jardunaldiak amaitu dira Euskaltzaindian
Urriaren 17an, astelehenean, egin zen Euskaltzaindian 2011ko Ondarearen Europako Jardunaldien azken saioa. "Argiak eta aurrerapena. Bizkaia Ilustrazioaren garaietan" izenburupean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dituen jardunaldi horiek urriaren azken egunera arte iraungo badute ere, Euskaltzaindiaren saioak amaitu dira jada.
Bost izan dira Akademiak eskaini dituen saioak. Saio horietan, Akademia eta Azkue Biblioteka ezagutzeko bisita gidatuekin batera, zazpi hitzaldi eskaini dira. Hitzaldi horietan, besteak beste, euskara euskal hiztunen behar berrietarako eguneratzeko lanak zertan diren azaldu da, euskararen jatorriaz eta bilakaeraz hitz egin da, eta euskarazko izenak berreskuratzeko eta normalizatzeko orain arte egin den bideaz mintzatu da. Saio horiek guztiek "Euskara, ondare immateriala" deituriko egitaraua osatu dute. Xabier Kintanak, Mikel Gorrotxategik, Aritz Abaroak, Josune Olabarriak eta Pruden Gartziak eman dituzte saioak. Hitzaldietan 41 pertsona egon dira, eta bisita-gidatuetan, berriz, 31.