Miren Lourdes Oñederra euskaltzaina izendatu dute Societas Linguistica Europaea erakundearen "Executive Committee"ko kide
Miren Lourdes Oñederra euskaltzaina izendatu dute Societas Linguistica Europaea (SLE) erakundearen "Executive Committee"ko kide. Irailean burutu zuen SLE erakundeak bere urteko 44. biltzarra, eta bertan izendapen berriak egin zituen. Euskaltzaina 2014ra arte izango da batzorde betearazle horren kide.
Societas Linguistica Europaea (SLE) 1965ean sortu zen, Parisen, André Martinet hizkuntzalari ospetsuaren ekimenez, hura lehen presidentea izan zelarik. Erakunde horrek mundu osoko eskola ezberdinetako hizkuntzalariak batzen ditu.
Oñederra euskaltzain osoa da, 2007ko azaroaren 30ean izendatua. Filologia Hispanikoan lizentziaduna, eta Euskal Filologian doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna da. Idazlea ere bada, eta besteren artean, Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren egilea da, sari asko jaso zuena. Aurretik ere izana da Lourdes Oñederra SLE-ren "Executive Committe"ko kidea (1999tik 2005era).