Euskarari zukua atera
Poza. Elkarlana. Euskararen ikerkuntza. Laguntza. Etorkizuna. Horiek dira gaur gehien entzun diren hitzak. Hala, erakunde guztietako ordezkariek Euskaltzaindiarekin daukaten harreman sendoa azpimarratu nahi izan dute, baita etorkizunean hala izan dadin asmo garbia adierazi ere.
Martin Garitanok, orain arte Gipuzkoako Aldundiak eta Euskaltzaindiak elkarrekin egin duten bidea etorkizunean norabide beretik joan dadin aldarrikatu du. XXI. mendean barrena Euskaltzaindiak zeregin handia izango duela esan du, eta "Gipuzkoako Foru Aldundia laguntzaile izango du beti asmo horietan".
Tolare baserria sagarrak bildu eta sagardoa egiteko erabiltzen zen eraikina izanik, hizlari gehienek hitz-jokoa egin dute eta Euskaltzaindiak, Ikergune berrian, euskarari zukua atera behar diola esan dute. Juan Carlos Izagirre alkateak ere hala egin du, eta ondoren hau gaineratu: "Ohorea da Euskaltzaindiaren egoitza berri honen inaugurazioan egotea, besteak beste Donostia euskararen hiria bilakatu nahi dugulako".
Carmen Gutierrezek ere, hemen euskarari zukua aterako zaiola esan du, eta Arabako Foru Aldundiaren izenean Akademiari eskerrak eman dizkio egiten duen lanagatik.
Miren Dobaranek eta Lourdes Auzmendik ere aipatu hitz-jokoa egin dute. Horretaz gain, Dobaranen esanetan, "Euskaltzaindiak Gipuzkoan duen presentzia indartu eta sendotu egingo da". Gainera, "Euskararen Ikerguneak Luis Villasante Bizkaiko semearen izena eukitea guretzat, bizkaitarrontzat, ohore bat da".
Lourdes Auzmendik esan duenez, "gaur egun handia da euskaraz bizi nahi eta maite dugun guztiontzat. Seguru gaude etxe hau euskararen zutabe bihurtuko dela, eta ez bakarrik Gipuzkoan, baizik eta Euskal Herri osoan".
Maximino Gomezek Nafarroako Gobernuaren eta Akademiaren arteko elkarlana goraipatu du eta Luis Villasante Euskararen Ikerguneak "ikertzaileen lana hobetzen lagundu duela" iragarri du.
Frantxua Maitiak ere gogora ekarri du EEP eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana –beharrezkoa dela azpimarratu du-, eta aprobetxatu du Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko.
Azkenik, Andres Urrutia euskaltzainburuak hitz egin du eta, besteren artean, hauxe esan du: "Gaur Euskaltzaindiak euskararen ikergunea abiarazten du, bertara bildu dituela Donostia hirian zehar sakabanaturik dituen ikertzaile taldeak eta norbanakoak. Hortaz, Akademiak asmo eta amets zaharra egia bihurtu du eta indartu ere egin du bere lana, betidanik Bilboko egoitzan eta ordezkaritzetan ondu duena, Euskal Herriaren lurraldeetan zehar. Hona, bada, ikerkuntza eta gizarte zabalkuntza, euskararen bidez uztartuak eta estekatuak".
Donostiako hiriari eskaintza egin dio -"Jakin ezazue Euskaltzaindiaren izenean, gure eskaintza orokorrarekin batera, bereizia ere baduzuela Donostia kultura hiriburua egitasmorako. Ziur gaude etxe honek zerbitzu baliotsuak eman ditzakeela horretan eta, oro har, donostiarren eskuetan jartzeko kultura azpiegitura berri hau"- eta azkenean, Luis Villasante gogora ekarri du. Honela esan du: "Izanak izena dakar, hala esan ohi da euskaraz. Horrexegatik izendatu du euskararen Akademiak ikergune berria Luis Villasante izenarekin eta hala onetsi du Tafallan egin duen azken osoko bilkuran. Hartara, euskaltzainburu ohiaren gomuta ohoratzen dugu, bera izan baitzen euskara batua eta ikerkuntza zereginak bultzatu zituena Akademiaren barruan. Gisa horretan, haren izenak aldamenean ditu, bateko, Carlos Santamaria ohorezko euskaltzainarena, horren izena eman baitio Euskal Herriko Unibertsitateak biblioteka berriari eta, besteko, Koldo Mitxelena euskaltzain osoarena, egunero barreiatzen dena Donostiako kulturunearen ekintzaren bidez. Aurrerantzean, bistan da, batera izango dira hiruok gure oroimenean, euskara eta euskal kulturaren inguruan".