Euskararen egoera Araban aztergai Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldietan
Azaroaren 11n, ostiralean, Akademiaren Sustapen batzordeak antolatuak, XVI. Jagon Jardunaldiak egingo ditu Euskaltzaindiak, Gasteizen, Artium Museoan, "Arabatik Arabara euskaraz" izenburupean. Araban euskarak suspertze bizkorra izan du, azken 40-50 urte hauetan. Horiek horrela, euskararen iragana, egungo egoera eta etorkizunari buruz hausnartzeko, Arabako euskaldunen ezaugarriak zein diren ikasteko, euskarari buruzko diskurtso berriaz iritziak trukatzeko antolatu ditu Euskaltzaindiak XVI. Jagon Jardunaldiak, Arabako elkarte eta erakundeekin batera, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Era berean, hainbat administraziotan garabidean den hizkuntza politika edota Arabako gizartearen eremu desberdinetatik, erabilera sustatzeko edo euskarari beste arlo batzuetan sarbidea emateko asmoz, abiatu diren egitasmoak aztertu eta hizpide ere izango dira, jardunaldi hauetan.
Izen-ematea
Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira, bai eta doakoak ere, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke.
Izena emateko epea azaroaren 10ean amaituko da. Izena emateko sakatu hemen edo hemen. (Oharra: galdera ipintzen duen eremuan, XVI. Jagon Jardunaldietan entzule bezala joan nahi dela jarri behar da).