Hala, Sagrario Alemanen hitzetan, aurtengo Jagon Jardunaldien protagonista euskal lurralde bat da, Araba, bertan euskarak suspertze handia izan duelako azken 40-50 urte hauetan. Azaldu duenez, “Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz eta herri ekimeneko taldeekin batean antolatu dugu aurtengo jardunaldia. Arabatik Arabara. Arabako euskararen bilakaera, gaurko egoera eta aurrera begirako egitasmoak aztertu nahi ditugulako, Arabako talde eta eragileekin batera. Bertako berezitasunak zein diren ikusi. Araba oso-osorik harturik, bertatik bertara, iraganetik etorkizunera”.
Iciar Lamarainek, aldiz, euskararen eta euskal hiztunen onerako, erakunde guztien arteko elkarlana beharrezkoa dela esan du, “pertsona elebidunez osatutako gizartea izan dezagun”. Arabako Aldundiaren izenean, euskararen normalizazioaren alde mintzatu da: “Euskaltzaindiak berak bezala, guk geuk ere gure konpromisoa berresten dugu. Horrela, Arabako Lurralde Historikoan euskararen ezagutza eta erabilera bermatuko dituen giza sarea sustatzen eta ehuntzen laguntzen jarraituko dugu”.
Haren ondoan, Araban euskarak izan duen bilakaeraz mintzatu da Manu Ruiz Urrestarazu eta, Diputazioari eskerrak eman ondoren, Euskaltzaindiak Araban duen babesaz hitz egin du: “Euskararekiko arabarren atxikimena, espero zen bezala, ez da geratzen Diputazioan bakarrik, Gasteizko Udalak ere eta 1996tik Euskaltzaindiarekin urtero izenpetzen du hitzarmen berezi bat, Arabako biztanlego gehiena Gasteizen izanik eta udal barrutia euskal hiriburuen artean handiena delarik. Arabako instituzio denak, Biltzar Orokorrak, Kuadrillak eta Udalak, besteak beste, euskararen aldekoak direla gaur esan dezakegu pozik”.
Datu berriak
XVI. Jagon Jardunaldiak goizez eta arratsaldez burutuko dira. Sagrario Alemanen esanetan, goizeko saioan, “Arabaren izaera euskalduna aitortzetik -izenak izana dakar-, ezagutza eta erabileran izan den bilakaera, normalizazioan herri ekimenetik egindako lana, eta gogoetarako proposatzen den diskurtsorako bidea eginen dugu goizean. Araban aski ezagunak diren soziolinguista eta adituek eramanen gaituzte bide horretan barna eta orain arte ezagutzen ez ditugun datuak jakinaraziko dizkigute”.
Arratsaldean, berriz, Arabako hainbat herri-erakundetako ordezkariek euskararen sustapenerako planez hitz egingo dute mahai-inguru batean. Ondoren, Arabaren euskal izaerari eusteko eta indartzeko abiatu berriak diren egitasmoak azalduko dira. Sagrario Alemanek azaldu duenez, “proiektu hauen berri Araban lanean ari diren zenbait euskal eragilek eta taldek emanen digute. Mintzalaguna, koadrilan bertsotan, hedabideen oraina eta geroa, euskara planak aisialdian, merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko planak izanen dituzte hizpide”.
Jardunaldietan aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da.
Erakusketa eta Henrike Knörr-i omenaldia
Egun osoan zehar, "Euskera agerkaria" Euskaltzaindiaren agerkariari buruzko erakusketa zabalik izango da Artium Museoan. Erakusketa Euskaltzaindiak antolatzen du, Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin, eta 92 urte bete dituen Euskera Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide. Horrekin batera, Araba oinarritzat harturik, Euskaltzaindiak argitara emandako liburuak ere ikusgai izango dira. Arabako idazleak, Arabari buruzko lanak... errepasatu ahal izango dira bigarren erakusketa horretan.
Bestalde, arratsaldeko 18:30ean, Henrike Knörr zena omenduko du Euskaltzaindiak.
Izen-ematea
Euskaltzaindiaren XVI. Jagon Jardunaldiak irekiak izango dira, bai eta doakoak ere, eta entzule bezala nahi duena joan daiteke.Izena emateko epea azaroaren 10ean amaituko da. Izena emateko sakatu hemen edo hemen