Euskaltzaindiaren argitalpen katalogoa gaztelaniaz kontsultatzeko aukera
Euskaraz gain, Euskaltzaindiaren argitalpen katalogoa gaztelaniaz kontsulta daiteke Akademiaren webgunean. Katalogo hori zabala eta anitza da, eta liburu eta aldizkariz osatua dago. Kontsulta egiterakoan, liburu guztien oinarrizko informazioa eskaintzen da: egilea, bilduma, editorea, hizkuntza, prezioa eta gaia.
Bilaketak eta kontsultak errazte aldera, katalogoa gaika antolatu da: Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala: Euskera; euskal literatura klasikoa; Linguistika; Soziolinguistika; Onomastika eta Toponimia; hiztegiak eta izendegiak; Gramatika arloa; euskaraz trebatzeko irakurgaiak; Dialektologia; Euskaltzaindiaren lan instituzionala; sarituriko literatura lanak (BBK-Euskaltzaindia); katalogoak; euskal aditzarekiko ikerketak (Pedro Irizar); eta bestelakoak.
Argitalpen asko bertsio digitalean eskaintzen dira, "Hizkuntza baliabideak" izeneko atalean.