Euskaltzaindiaren dohaintza Ziraukiko Udal Bibliotekari
Euskaltzaindiak bere argitalpen katalogoko 30 liburu eman dizkio, dohaintzan, Ziraukiko Udal Bibliotekari. Biblioteka hori ireki berri dute eta irekitzearekin bat, Euskaltzaindiari liburu eskari bat egin zioten. Akademiak emandako liburuak, batik bat, ikerketa, soziolinguistika eta hiztegigintza alorrekoak dira. Euskara ikasteko lagungarriak diren ipuinak ere helarazi zaizkie.
Orain arte ez da udal biblioteka ofizialik izan Ziraukin. Hala ere, bada aurrekari bat. 70eko hamarkadaren bukaeran, gazte batzuk Udaleko solairu batean beren liburuak uzten zituzten, jendeak mailegatu eta irakur zitzan. Gaur egun, Lizarraldeko herri honetan ume ugari dago; horietatik bi herenak euskaraz ikasten du, eta, beraz, bibliotekak umeentzako euskarazko material anitza eskaintzen du.