"Euskera" agerkariari buruzko erakusketa Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean
Gaurtik, eta abenduaren 14ra bitartean, Euskera agerkaria Euskaltzaindiaren agerkari ofizialari buruzko erakusketa zabalik egongo da Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultura Etxean. Erakusketak 92 urte bete dituen Euskera Akademiaren agerkari ofizialaren ibilbidea eta edukiak ditu hizpide eta Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria da komisarioa. Gida-liburu bat argitaratu da, lau hizkuntzatan: euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Erakusketa ikusteko ordutegia hau izango da: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; larunbatetan, aldiz, 9:00etatik 14:00etara.
"Euskera agerkaria" hainbat lekutan izan da ikusgai: Bilboko eta Donostiako Liburu Azoketan, Jean-Baptiste "Battittu" Coyosen sarrera-ekitaldian eta Gasteizen bertan, Artium Museoan, XVI. Jagon Jardunaldiak egin ziren egunean. Euskaltzaindiak antolatzen du, Bilbao Bizkaia Kutxaren laguntzarekin.