Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Argitalpen katalogoa frantsesez kontsultagai Euskaltzaindiaren webgunean
Euskaraz eta gaztelaniaz gain, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) eta Akademiaren Argitalpen Katalogoa frantsesez ere kontsulta daitezke Euskaltzaindiaren webgunean, gaurtik aurrera.
EODA deitutako datu-basean, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen lanak biltzen dira. Lanok lau multzo nagusitan banatzen dira: pertsona-izenak, deiturak, toponimia (leku-izenak) eta exonimia (Euskal Herritik kanpoko leku-izenak).
Argitalpen katalogoa liburuz eta aldizkariz osatua dago. Kontsulta egiterakoan, liburu guztien oinarrizko informazioa eskaintzen da: egilea, bilduma, editorea, hizkuntza, prezioa eta gaia. Katalogoa gaika antolatu da: Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala: Euskera; euskal literatura klasikoa; Linguistika; Soziolinguistika; Onomastika eta Toponimia; hiztegiak eta izendegiak; Gramatika arloa; euskaraz trebatzeko irakurgaiak; Dialektologia; Euskaltzaindiaren lan instituzionala; sarituriko literatura lanak (BBK-Euskaltzaindia); katalogoak; euskal aditzarekiko ikerketak (Pedro Irizar); eta bestelakoak.
Argitalpen asko bertsio digitalean eskaintzen dira, "Hizkuntza baliabideak" izeneko atalean.