Andoni Sagarnak azpimarratu duenez, "Euskaltzaindiaren asmo handietako bat Euskal Gramatika lantzea izan da Akademiaren sortzetik beretik". EGLU gramatikaz hauxe esan du: "Gramatika deskribatzaile aberatsa da, euskararen gramatikak inoiz izan duen deskribapenik osatuena. Corpusetan bilatu behar da hizkuntza egokieraren eredua eta hori da EGLU gramatikaren oinarria: hiztegigintzarako erabiltzen diren corpus berberak baliatzen dira gramatikarako ere". Amaitzeko, Akademiak gramatika arauemailea egin behar duela aldarrikatu du.
Pello Salaburuk gogoan izan duenez, "Euskal Gramatika. Lehen Urratsak" izeneko bilduma 1984ko irailean aurkeztu zen, Euskaltzaindiak Iruñean egin zuen X. Biltzarrean: "Urte luzeetako eta jende askoren lana da hau, hortaz".
Bildumaren lehenbiziko bi liburukietan izen-sintagma (EGLU I, 1985) eta aditz-sintagma (EGLU II, 1987) aztertu zituen Gramatika batzordeak. EGLU III-an (1990) diskurtso edo testu mailako loturak izan zituen aztergai. EGLU IV-an (1994), juntagailuak. Azkeneko bi liburukietan (EGLU V, 1999 eta EGLU VI, 2005) mendeko perpaus jokatuak aztertu dituzte. Oraingo liburukian, EGLU VII honetan, perpaus jokatugabeak aztertzen dira, hots, aditza bai baina aditz jokorik ez duten perpausak. (adibide bezala: Zuk esandako egunean etorri zen; beste aldera begiratu ondoren erori zitzaion telefonoa; hondartzara joateko esan digu).
Batzordeak menderakuntzari eskaini dizkion hiru liburuetatik azkena da EGLU VII liburuki hau. Bertan aztertutako perpaus jokatugabeak (denborazkoak, kausazkoak eta helburuzkoak, baldintzazkoak, kontzesiozkoak, moduzkoak, erlatiboak, osagarriak) zehaztasunez deskribatu dira.
Gramatika batzordeko kide guztien izenak gogora ekarri ditu Pello Salaburuk, hasieratik gaur arte. Eta hauxe adierazi: "EGLU VII honekin amaitzen du Gramatika batzordeak ziklo bat, aurrerantzean lanean segitzeko asmoa baldin badu ere. Asko aldatu dira gauzak azkeneko hogeita hamar urte honetan: gehiago dakigu gramatikaz, datu gehiago ditugu hizkuntzaz, euskara gehiago erabiltzen da, eta filologo eta hizkuntzalari asko sortu dira unibertsitateek egin duten lanari esker. Bestetik, lanabesak ere askoz ere handiagoak ditugu orain, eta askoz ere informazio gehiago dugu eskura. Aurrerantzean, berriz ere EGLU guztietako material hori aztertu, berrantolatu, behar denean berridatzi... beharko dugu. Orain, azkeneko argazkiaren antzeko zerbait badugula, garaia iritsi da guztia berriz ere beste begi batzuekin birformulatzeko. Hurrengo urteetan horrixe ekiteko asmoa dugu."