"Linguae Vasconum Primitiae" liburuaren argitalpen faksimilearen aurkezpena
Bihar, abenduaren 2an, Eusko Legebiltzarrean, goizeko 9:00etan, Bernard Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren argitalpen faksimilea aurkeztuko da. Jatorrizko testuaz gain, oraingo ortografiarako egokitutako euskarazko bertsioa ere badu edizio berriak, baita gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak ere. Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak argitara eman dute eta erakunde bion arteko elkarlanaren emaitza da.
Liburuaren edizio berria egiteko asmoa Euskara jalgi hadi plazara erakusketaren ondorioz sortu zen. Erakusketa hori Euskaltzaindiarekin batera antolatu zuen Legebiltzarrak, eta aurtengo otsailetik martxora arte egon zen ikusgai erakunde horren egoitzan. Bertan, Bernard Etxepare-ren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale originala erakutsi zen lehenengo aldiz Euskal Herrian; liburua Frantziako Biblioteka Nazionalean dago, Parisen, eta Gasteizko erakusketara ekartzea erabaki zenean digitalizatu zen, kalitate handiko irudiak lortu zirelarik. Erakusketaren komisarioa Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria izan zen.