Sopelanako Udalak udalerria Sopela deitzeko prozesua abian jarri du
2013ko otsailaren 28an eginiko osoko bilkuran, udalerria Sopela (Bizkaia) deitzeko prozesua abian jartzea erabaki du.
1979an, Koldo Mitxelenaren gidaritzapean, Euskaltzaindiak argitara eman zuen Euskal Herriko Udalen Izendegian jasotzen da Sopela dela herri horren euskal izena. Horiek horrela, 1987an udalari igorritako agiri batean, 1997an Euskaltzaindiaren Euskera agerkarian argitaraturiko irizpidean eta 2005ean emandako 145. arauan -Bizkaiko Herri Izendegia- izen hori ageri da.
Sopela izena ahoz jasotzeaz gain, bertako toponimian ere bildu da Sopelabaso leku izen ezagunean. Era berean, XIX. mende arte deitura moduan ere erabilia izan zen.
Otsailaren 28ko osoko bilkurak gehiengo osoz harturiko erabakia, 2012ko azaroan hasitako bidean beste urrats bat izan da. Izan ere, orduan, Udalak Euskaltzaindiari Sopelako izenaren inguruko txostena eskatu zion. Harrezkero, urtarrilean egindako Euskara, Hezkuntza eta Kultura Batzordean, Euskaltzaindiak izenari buruzko argibideak eman zituen. Batzorde horretan, Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariak eta Mikel Gorrotxategi Onomastika zerbitzuburuak parte hartu zuten.
Euskaltzaindiaren txostena, Sopela izenari buruz. (PDF, 4,63 MB)