Nina andreak interes berezia agertu du euskara gizarteko zeregin administratibo eta irakaskuntza mailakoez, eta galdera asko egin ditu, euskararen egoeraz eta hiztunen eskubideez.. Opari moduan, eskaini zaizkion liburuen artean, euskal pertsona izenak zein deiturak modu ofizialean administrazioan agertzeko, Euskaltzaindiak argitaraturiko bi liburu eskaini dizkio idazkariak, bere herrian antzeko zerbait egiteko orduan lagungarri gerta dakizkiekeelako. “Europako kolonialistek oraindik harro irakasten dute beren eskoletan beren kolonietako jendeei berek gure kontinentetik hara eramandako hizkuntza inperialak (espainola, ingelesa, portugesa, ...) irakatsi zietela, baina aldi berean, ezkutatu egiten dute horrek zer nolako kalteak eragin zituen han, bertako hizkuntzak eta kulturak galtzen ere lagunduz. Gu pozik geundeke, ahal dugun neurri apalean, geure etsenpluaz eta animuaz, beren jatorrizko hizkuntza nazionalak suspertzen, indartzen eta berreskuratzen lagundu ahal bagenie” esan die idazkariak.
Ekuadorren, gaztelaniaz gainera, hizkuntza asko mintzatzen dira, eta gaurko gobernuaren eraginez, haietako asko ofizialkideak dira beren eskualdeetan, kitxua batez ere. Hizkuntza hori tipologiaz eranskaria da, eta bere deklinabide eta gramatikan euskararekin antz handia dauka.