Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma "Karmel" aldizkariko Julen Urkizari
Julen Urkiza idazle eta Karmel aldizkariko zuzendariak Bilboko Liburu Azokaren Urrezko Luma jaso du gaur, Areatzan egindako ekitaldi batean. Urkizak Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren eskutik jaso du saria. Ana Urkiza idazleak eta Asier Muniategi liburu azoken antolatzaileak ere parte hartu dute ekitaldian.
Azokaren izenean, Ana Urkizak gorazarre-hitzak izan ditu Julen Urkizarrentzat eta Karmel aldizkarian egindako lana goraipatu du. Hala, aldizkaria idazleen topaleku bihurtu duela esan du. Izan ere, euskal kulturaren inguruko pertsona askok parte hartu du aldizkarian, bai idazle ezagunak, baita hasiberriak ere, eta hori, Ana Urkizaren esanetan, Julen Urkizaren meritua izan da. Idazle horietako batzuk gaurko ekitaldian izan dira, besteak beste, Andres Urrutia, Patxi Uribarren, Juan Luis Goikoetxea, Patxi Juaristi edota Miren Agur Meabe.