"Obabakoak" liburuaren 25. urteurrena ospatzen
Obabakoak liburuak 25 urte bete ditu, eta urteurrena ospatzeko Bernardo Atxagaren lanaren edizio berri bana kaleratu dute Erein eta Alfaguara argitaletxeek, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren. Edizio biak atzo, ekainaren 18an, aurkeztu zituzten, Bilboko Arriaga Plazan jarritako karpa batean. Atxagarekin batera, hauek izan ziren aurkezpenean: Iñaki Aldekoa Ereineko editorea, Pilar Reyes Alfaguarako zuzendaria, Marta Cardenas artista -hamahiru ilustrazio egin ditu edizio berrirako- eta Pedro Alberdi Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria. Karpa horretan bertan egiten ari dira Obabakoak nobelari buruzko ekitaldi ugari. Izan ere, Bilbo Zaharra euskaltegiak liburuari eskainiko dio Klasikoen 6. irakurketa jarraitua.
Liburuari buruzko hiru hitzaldi antolatu dira asteon. Hala, atzo eta herenegun, bi hitzaldi eman ziren: astelehenean, ekainaren 17an, Bernardo Atxagak berak hitz egin zuen; atzo, Ibon Sarasola eta Inazio Mujika mintzatu ziren; eta gaur, ekainaren 19an, 19:00etan, Iñaki Irazu eta Joxean Goikoetxea arituko dira. Bestelako ekimenak ere egiten ari dira aste osoan zehar. Azkena, esan bezala, 6. irakurketa jarraitua izango da. Bihar, ekainaren 20an, egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 08:00etatik iluntzeko 20:00etara. Urtero bezala, hainbat euskaltzain bertan izango dira, besteak beste, Andres Urrutia, Xabier Kintana eta Adolfo Arejita. Bernardo Atxaga ere bai, noski.