Bernardo Atxagaren "Obabakoak" liburuaren irakurketa jarraitua
Bilbo Zaharra Forumak antolatutako Bernardo Atxagaren Obabakoak liburuaren irakurketa jarraitua egiten ari da gaur, ekainaren 20an, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara. Hau da Klasikoen Irakurraldia egitasmoaren seigarren edizioa. 2008an Axularren Gero irakurri zen, 2009an Mogelen Peru Abarca, 2010ean Jon Miranderen Haur besoetakoa, 2011n Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso eta iaz Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox.
Euskaltzaindiaren aldetik, urtero bezala, kide batzuk parte hartzen ari dira. Goizeko 8:00etan, liburuaren lehenengo hitzak Bernardo Atxagak berak irakurri ditu, eta ondoren 400 lagun inguruk pasarte bana irakurriko dute, txandaka, horien artean Andres Urrutia, Xabier Kintana, Adolfo Arejita eta Jose Luis Lizundia euskaltzainak direla. Egunean zehar, euskaltzain urgazle batzuk ere izango dira irakurketan.