Euskal Kultur Erakundea 1990. urtean sortua izan da, euskararen eta euskal kulturaren alde ari diren elkarteek bultzaturik eta erakunde publikoek lagundurik, hala nola Estatua, Akitaniako Kontseilua, Pirinio Atlantikoetako Kontseilua, eta euskal kulturaren aldeko Herrien Sindikatua, gaur egun iparraldeko 146 herrik osatzen dutena. Bere helburu nagusia euskal kulturaren garapena eta hedadura sostengatzea da.
Kultur arloan diharduten elkarteak laguntzen ditu, edota haiekiko elkarlana bultzatzen du. Gaur egun, 140 elkarte dira Euskal Kultur Erakundeko kide.
Hitzarmenaren ildo nagusiak
- Bi erakundeak elkarlanean arituko dira, euskararen eta euskal kulturaren eremuan dituzten proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen alorrean ezarri arauak zabaltzeko. Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Euskal Kultur Erakundeak eginiko kontsultei, kontsultak euskararen kalitateaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskararen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak direnean. Kontsulta horiek bideratzeko orenean, bi erakundeek Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren erabilera sustatuko dute.
- EKEk eta Euskaltzaindiak hizkuntza baliabideak ezagutarazteko lantegiak edota ikastaroak elkarrekin antolatuko dituzte, Euskal Kultur Erakundearen egoitzan edo ikastaro hauen hartzaileentzat egoki izan daitekeen beste toki batean.
- Elkarlanean arituko dira beren bibliotekako funtsak sendotzeko gisan. Horrexetarako, euskal kultur erakundeak eta Euskaltzaindiak argitalpen trukea eginen dute, bakoitzak plazaratzen dituen dokumentuen ale bana batak besteari helaraziz. Lan batzuk, nahiz ez diren argitaratu, ikerketarako edo zabalkunderako interesgarriak badira, lan horiek elkarren eskura jarriko dira, betiere egileen eskubidea errespetatuz eta egileen baimena lorturik. Funts hauek zabaltzeko bideak ere aztertuko dituzte, besteak beste, euskara edota euskal kultura oinarritzat duten argitalpenak elkarrekin argitaratuz.
- Erakunde bakoitzak euskararekin eta euskal kulturarekin dituen funtsak gizarteratzeko lankidetza bideak jorratuko dituzte, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta jardunaldiak elkarrekin antolatuz.
- Bi erakundeek elkarrekin edo bakarka antolaturiko jarduerak egin ahal izateko, dituzten egoitzak edo ordezkaritzak elkarri utziko dizkiote, bereziki Bilbon kokaturik dagoen Euskaltzaindiaren egoitza eta Donostian kokaturiko Luis Villasante Euskararen Ikergunea.
Helburu hauek lortzeko, Euskal Kultur Erakundeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko hiruna kide izango dituena. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.