Joan den larunbatean, ekainaren 15ean, PuntuEus elkarteak agerraldi publikoa egin zuen, ICANN erakundeak Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen .eus domeinua onartu duela adierazteko. Esan zutenez, .eus domeinuaren benetako ibilibidea oraintxe hasiko da, eta hilabete batzuk beharko dira domeinua martxan jartzeko falta diren urratsak emateko.
.eus domeinua, denon lorpena, denon ospakizuna
Gaur, ekainaren 21ean, .eus domeinua onartua izan dela ospatzeko ekitaldia egin da Bilbon, Euskal Herriko Unibertsitatearen Bizkaia Aretoan. Domeinua sustatu duen Elkarteko kideek azaldu dutenez, "PuntuEus Fundazioko kideetatik harago, instituzio publiko, elkarte, enpresa eta proiektua lagundu eta babestu duten herritarrengana irekitzea" izan da gaurko ekitaldiaren helburua. ".eus -gaineratu dute, pozik- denon artean lortu dugu eta denok batera ospatu behar dugu".
Ekitaldian Andres Urrutia euskaltzainburuak, Iratxe Esnaola .eus proiektuko koordinatzaileak eta Iñigo Urkullu lehendakariak hartu dute hitza. Hirurek, .eus domeinuak euskararen garapenean duen garrantzia eta euskararen eta euskal kulturaren sustapenean egingo duen ekarpena azpimarratu dute. Ekitaldian, Ruper Ordorika igo da oholtzara eta Egin Kontu abestia kantatu du. Amaitzeko, Joan Mari Torrealdai euskaltzain eta PuntuEus Fundazioko presidenteak itxi du ekitaldia. Fundazioko kide guztien izenean, Iratxe Esnaolari oroigarri bat eman dio, "egin duen lan bikainagatik".