"Berria" egunkariak bere estilo liburu digitala aurkeztu du
Atzo, ekainaren 18an, Berria egunkariak bere estilo liburu digitala aurkeztu zuen. "Kontsultarako tresna eraginkorra, edonorentzat baliagarri, kazetari izan edo ez". Horrela hitz egin zuen Irene Arrarats Berriako euskara arduradunak. Aurkezpena Euskaltzaindiaren egoitzan egin zen, eta Arraratsekin batera hauek izan ziren: Martxelo Otamendi egunkariko zuzendaria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidentea.
Estilo liburu digitalak bilaketa sistema erabilgarria du, liburuaren atalak (hiztegia, munduko eta Euskal Herriko geografia, deontologia, ortotipografia, onomastika...) arakatu ahal izateko. Kontsulta solteak egiteko aukera ematen du, eta azalpenak ere eskaintzen ditu. Besteak beste, Estilo Liburuan egindako azken eguneraketak nabarmenduko dira, gaikako hiztegi txikiak eskainiko dira, eta iradokizunak egiteko modua emango da.