Orotariko Euskal Hiztegiaren 3. argitaraldiaren aurkezpena
Datorren ostiralean, ekainaren 28an, Euskaltzaindiak Orotariko Euskal Hiztegiaren (OEH) 3. argitaraldia aurkeztuko du. Bertsio berriak, guztira, ia 3.000 sarrera berri -sarrera nagusi eta azpisarrera- izango ditu.
OEHren lehen bertsioa paperean argitaratu zen. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zen, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bertsio elektronikoa sarean jarri zen. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini zuen Akademiak eta orain, 2013an, hirugarrena. Bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien berrikuspen sakona egin zen, eta testu zahar batzuetako lekukotasunak gehitu ziren. Datorren ostiralean aurkeztuko den hirugarren argitaraldian, berriz, gainerako hamaika liburukien berrikuspena egin da.
Euskaltzaindiaren Osoko Bilkura ostiralean egingo da, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrean, goizeko 10:00etatik aurrera. Bertan egingo da OEHren 3. argitaraldiaren aurkezpena, goizeko 11:30ean, Tomas Moro aretoan.