Hona ekartzen dugu hizlari biek jardunaldian erakutsi zuten materiala.
Webgune aberatsa
Andoni Sagarnak azaldu zuenez, "Euskaltzaindiak, 2000. urtean, Informatika eta Telekomunikazio Zerbitzua sortu zuenean, ekin zion Internet erabiltzeari. Hortik aurrera pixkana-pixkana edukiak kaleratzen joan da. Esate baterako, 2001ean eduki hauek eskaintzen zituen webgunean: erakundeari buruzko informazioa, albisteak, urteko jarduerak, estekak, Euskal Onomastikaren Datutegia, arauak, Hiztegi Batua eta lehenbiziko argitalpen elektronikak. 2002an, XX. mendeko corpusa kontsultagai jarri zuen.
2007. urteko Barne Jardunaldietan, Euskaltzaindiaren edukiak IKTen bidez gizarteratzeko oinarrizko plan bat onartu zuen eta IKT batzordea sortu, plan hori hezurmamitzeko. Ordutik hona asko aberastu da webgunea. Orain hor eskaintzen dira, besteak beste: Plazaberri bloga, hizkuntza-baliabideak, hots, hiztegiak eta corpusak, EGLU gramatika, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa eta dialektologiako beste material batzuk, Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA), Literatura Terminoen Hiztegia eta literatura-sariketetako testu sarituak, arauak, Jagon jardunaldietako materialak eta hainbat liburu oso, Euskaltzaindiaren bildumetakoak, aldizkari historikoak, Euskera aldizkariaren hemeroteka, etab".
Jean Saroihandiren artxiboa
Pruden Gartziari Azkue Bibliotekaren aurkezpen orokor bat egitea egokitu zitzaion. Besteak beste, Jean Saroihandiren artxiboaren irudi digitalak erakutsi zituen powerpointaren ondoren, "eta Bordeleko Unibertsitateko bibliotekariek interes bizia erakutsi zuten haiekiko: kalitate nabarmeneko irudiak dira eta, gainera, programa baten barruan integratuta daude, dena sekuentzia logiko baten barruan ikusi ahal izateko jarraibide idatzirik gabe (dena intuitiboa da).
Ifrentzua, aldiz, bere astuntasuna da, eragozpen bihurtzen dena internet bidez kontsultatu ahal izateko. Eta, horren haritik, erabiltzaile potentzialei buruzko galdera sortu zen gure artean: zenbat lagun dira munduan mota horretako funtsetan interesatuak? Ikerguneetako profesional gisa, zein da funtsak eskegitzeko erabili behar dugun irizpidea? Zenbat diru dugu horrelako lanetarako?"