OEHren lehen bertsioa paperean argitaratu zen. Azken liburukia -hamaseigarrena- 2005ean kaleratu zen, eta handik lau urtera, 2009an, hiztegi osoaren oinarrizko bertsio elektronikoa sarean jarri zen. 2011n, bigarren argitaraldia eskaini zuen Akademiak eta orain, 2013an, hirugarrena. Bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien berrikuspen sakona egin zen, eta testu zahar batzuetako lekukotasunak gehitu ziren (Lazarragaren eskuizkribua garrantzizkoena izan zen). Gaur aurkeztu den hirugarren argitaraldian, berriz, gainerako hamaika liburukien berrikuspena egin da. Euskaltzainburuak azpimarratu duenez, Euskaltzaindiak bere garaian agindutakoa bete du: “2005ean hartu genuen konpromisoa, eta betetzen ari gara. Orotariko Euskal Hiztegia sarean dago, guztion eskura, eta eraberritzen ari gara etengabe”.
Bakartxo Tejeriak hartu du hitza, hasteko, eta Legebiltzarraren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana ekarri du gogora: “Indarrean dugu lankidetza hitzarmena. Honen barruan, bost hilabete barru, Euskararen Nazioarteko egunean, hemen izango gara Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, “Euskaldunon hizkuntzaren hasikinak” liburua munduko hainbat hizkuntzetara itzulirik aurkezteko, mintzaira gehiagotan eskaintzeko euskarazko lehen liburua”.
“Horrekin batera -gaineratu du- esku artean dugu, nahiz oraindik prestaketa lanetan, Euskaltzaindiarekin elkarlanean gauzatu ahal izango dugun lege alorreko Terminologia egitasmoa. Horren bitartez, eskumena dugun administrazioek –horien artean Eusko Legebiltzarrak– legegintzan eta legebiltzarretako jardunean darabilgun euskarazko terminologia juridikoa arautu eta finkatuko dugu. Guk geuk, Eusko Legebiltzarrak, Terminologia egitasmo horren eskura jarriko dugu hemen sorturiko ondarea, egun euskararen geografia osoko gisa honetako nagusiena dena. Laster, ziur naiz, izango dugu horren guztiaren berri”.
Jarraian, Andres Urrutiak hitz egin du, eta eskerrak eman ondoren, gaurko agerraldiaren arrazoia, OEH, aipatu du. “Gaurtik aurrera -azpimarratu du- gure webgunean egongo da ikusgai Orotariko Euskal Hiztegiaren 3.argitaraldi elektronikoa. Bide batez, horretara uztartzen ditugu teknologia berriak eta euskalgintza”.
Hiztegigintzaren oinarria
Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) deskribatzailea eta historikoa da. Euskaltzaindiak burutu duen egitasmo handienetakoa da, handiena ez bada. Koldo Mitxelenaren ardurapean hasi zen egiten, eta lan taldearen burua Ibon Sarasola izan da. Hiztegi historiko honetan jaso dira euskaraz idatzi diren liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki ezberdinetakoak. Horrela adierazi du Ibon Sarasola egitasmoaren zuzendariak: “Koldo Mitxelenaren Orotariko Euskal Hiztegia -esan du- euskal literatur tradizio osoa biltzen saiatzen da, lehen testu idatzietatik 1970a arte. Hiztegi hori erredaktatzeko, garai eta euskalki guztietako 400 liburu adierazgarrienak osaturiko corpus bat eratu zen, eta 785 autoreren lanaren erreferentziak biltzen dituen datu base bat osatu. Lan hau 1984 eta 1989 artean egin zen batez ere. Corpus eta datu base horietan oinarriturik, Orotariko Euskal Hiztegiak euskara idatzian erabili diren hitz guztien berri fidagarria ematen saiatzen da, non, noiz eta nola erabili diren adieraziz”.
Orotariko Euskal Hiztegiaren garrantzia azpimarratu du Sarasolak. Bere hitzetan, berau izan da “Euskaltzaindiak eta beste erakunde batzuek azken 20 urtean gauzatu duten hiztegigintzaren oinarria; horien artean Euskaltzaindiak kaleraturiko Hiztegi Batua eta Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak delakoa, iaz argitaratu zena. Hortaz, Orotariko Euskal Hiztegiak Euskara Batuaren bizkarrezurra osatzen du. Hortik aparte, Orotariko Euskal Hiztegia da euskal filologiari buruzko ikerketetan gehien aipatzen den obra. Orobat, Orotariko Euskal Hiztegia obra aipatuenetarikoa da euskal hizkuntzalaritzako ikerketetan”.
Azken hamaika liburukien berrikuspenaren oinarri nagusiak
Esan bezala, gaur aurkeztu den hirugarren argitaraldian, hamaika liburukiren berrikuspena egin da, bigarren argitaraldian, hasierako bost liburukien berrikuspen sakona egin baitzen.
Gabriel Frailek azaldu ditu berrikuspen horren oinarri nagusiak. Honako hauek dira: hutsak zuzendu edo betetzea, adibideak gehitzea, azpi-sarrera gehiago egitea (hitz elkartuak, esapideak, kolokazioak, e.a.), eta esanahiak zehaztea, honen arabera adibideak sailkatuz, baita ere berriak sartuz.
Frailek esan duenez, aldaketa hauetako asko Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lantaldearen iradokizunak edo proposamenak izan dira. Eta adibide batzuk eman ditu:
a) Azpi-sarrera berri asko egin dira (guztira, 1.342). Adibidez, izari-n, IZARIA HARTU, IZARIA ATXIKI, IZARIA EMAN, IZARIAN EDUKI, IZARIZ GORAGOKO eta IZARIZKO azpi-sarrerak.
b) Gramatikaren aldetik interesgarriak diren bereizkuntzen berri eman da argitaraldi honetan. Esate baterako, eskuin sarreran eskuinera / eskuinetara banaketaren nondik norakoak azaldu dira, Tr. delako atalean.
c) Sarrera askoren egitura ere aldatu da, gramatika kategorien araberako sailkapen zehatzagoa eginez. Bat aipatzeagatik, gaindi sarrera, bi sail nagusitan: I (adv.) alde batetik eta II (sust. y adj.) bestetik, bereizirik zegoena, oraingoan lau sail nagusitan ezarririk dago: I (posp.), II (adv.), III (sust.) eta IV (adj.).
d) OEH-n azaltzen ziren hainbat huts (beste hiztegietatik zetozenak) zuzendu dira. Esate baterako, Duvoisinen hiztegian “karatu (O), puer” agertzen da, eta honelaxe kopiatu zen OEH-ren aurreko bertsioetan. Egiazko forma karastu da (kirastu-ren aldaera), eta karatse aditz-izenetik aterako zuen Duvoisinek segur aski karatu forma.
e) Askotan hitz baten edo besteren interes handiko lekukotasunak aurkitu dira, bai zahartasunaren aldetik, bai euskalkiaren aldetik, e.a. Hau da, adibidez, jakintza hitzaren kasua. Aurreko argitaraldietan Haranederrena zen ematen zen lehen adibidea (XVIII. mendearen erdialdekoa); oraingoan Silvain Pouvreauren lekukotasuna agertzen da, ehun urtez lehenagokoa. Nagitasun sarreran, XX mendeko ipar euskalkietako agerpenik ez dagoela adierazten zen. Argitaraldi honetan zehaztu behar izan da adierazpen hori, Léon-en adibide bat ematen baita.
f) Esanahien bereizketa zorrotzagoa dela bide, sarrera asko berregituraturik gertatu dira. Honela, gizondu sarreran, izenondo moduko azpi-adiera kendurik, adiera bat bakarraren azpian zeuden adibide guztiak: “hacer(se) hombre (en algún ej. 'humanizar (salvajes...)'); convertirse en hombre, encarnarse”; hirugarren argitaraldian lau adieratan sailkatuak agertzen dira: 1) “hacer(se) hombre, convertirse en humano, encarnarse”, 2) “hacerse hombre, medrar, crecer”, 3) “civilizarse, hacer(se) hombre de bien”, eta 4) “convertirse (una mujer) en hombre”.
Garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea
Orotariko Euskal Hiztegia obra deskriptiboa da, eta ez arauemailea, ez normatiboa. Haren xedea garai, toki eta mota guztietako euskal hitz-ondarea biltzea da. Menderik mende eta euskalkietan zehar euskaldunak nolako hizkuntzaz baliatu diren ahalik eta osokien eta zehatzen azaltzeko helburua du hiztegi honek.
Orotariko Euskal Hiztegiko sarrera bakoitzak, lehenengo, hitzaren esanahia eskaintzen du gaztelaniaz edota frantsesez -askotan bietan-, baita aurreko hiztegigileek hitzari buruz esandako guztia ere. Ondoren, literatur tradizioko adibideak ematen ditu, urtea ere aipatzen duelarik.
Lehen liburukiaren hitzaurrea idazten ari zen Koldo Mitxelena hil zenean. Honela zioen: “Zer esan, eta neurri zabal batean zer esaten den, azaldu nahi litzateke, bada, hemen, eta ez zer esan behar litzatekeen. Irakurleari eman nahi zaizkio aukera egiteko behar lituzkeen lanabesak, hautaketan hasi behar badu”.